Bi urtetan behin, AEK erakundeak Korrika famatua antolatzen du : 10 egun eta gauez Euskal Herri osoa zeharkatzen dute korrikalariek euskararen alde. Parte-hartazaileak milaka elkartzen dira euskarari atxikimendua erakusteko giro onenean.

2021eko udaberrian aurreikusia zen Korrika 2022ra arte atzeratua izanen da. Hala ere, AEKk dirua biltzeko kanpaina antolatu zuen martxoaren bukaeran, Korrikak utzi duen hutsunea konpentsatu ahal izateko. Kanpaina martxoaren 28an amaitu zen Euskal Herriko hainbat herritan festa giroan.

Gertakari horri sostengua erakusteko, Bordaleko Euskal Etxeak 200 € eman dio AEKri (Korrikaren aurreko edizioan kilometroa erreserbatzeko ordaindu genuena). Izan ere 2019an, 200 € ordaindu genuen Korrikako kilometroa erreserbatzeko. Edizio hartan Garruze eta Mehaine artean egin genuen Korrika eta Donapaleun pasatu genuen igandea, festa egiten. Horrela, aurten, martxoaren 28an David Mugica Donapaleura joan zen gure txekea sinbolikoki Maider Galleras Amikuzeko AEKko arduradunari emateko. Eguzkipean, talde potolo bat bildu zen bertsoak, kantuak eta dantzak gozatzeko, baita Asisko Urmenetak zuzenean marraztu zuen fresko-pintura miresteko ere. Osasun neurriengatik, giroa ez zen duela bi urte bezain alaia bainan parte-hartzaile guztiek « bultza gau eskolak ! bultza euskara ! » mezua oihukatu ahal izan zuten, AEKren alde.