Kasik zazpi asteko konfinamendua eta gero esan posible dut Gau Eskola distantzian esperientzia positiboa izaten ari dela. Erronka polita izan da; izan ere, itxialdia iragarri eta egun gutxira Euskal Etxeko gau eskolaren funtzionamendua goitik behera berrantolatu behar izan genuen. Hau da, ikasle ororekin harremanetan jarri eta eskolak formatu digitalean egokitu. Astero bideo-deien bidez elkarren berri izateko, ariketak egiteko eta euskaraz solasteko aukera franko izan dugu. Nolanahi ere, kurtsoak bere zailtasunak ere izan ditu: parte-hartzaileon interakzio mugatua, konexio arazoak, jarraitu ezin duten ikasleen hutsunea, etab. Zailtasunak zailtasun, ikasle anitzek kurtsoarekin bat egiten jarraitu dute eta barre egiteko momentuak ere izan ditugu. Bertatik ikasleak zoriondu nahiko nituzke izan duten jarrera eta lan egiteko gogoagatik, erabat txalogarria! Zorionak denei!

Xabi Zurutuza, euskara irakaslea