Euskal Etxeetako euskara irakasleen topaketa Bruselan

Urriaren 18tik 20ra, Europako Euskal Etxeetako irakasleak Bruselako Euskal Etxean elkartu ginen. Urtero egiten den topaketa da hau eta aurten Paueko, Pariseko, Valentziako, Bartzelonako, Madrileko, Mallorcako, Bruselako eta nola ez, Bordaleko irakasleak izan ginen han.

Ostiral eta larunbatean aritu ginen elkarrekin lanean. Gure Euskal Etxeetan euskararen alde eta euskara klaseetan egiten dugunaren berri eman genuen, eta besteen esperientziak eta iritziak ezagutzea oso positiboa izan zen. Horrez gain, aurten bi gai nagusi landu genituen: talde anitzak nola kudeatu eta ahozkotasuna eta mintza praktika nola landu. Azkenik, hainbat irakaslek ikasleekin egiten dituzten edo egin nahi dituzten proiektu batzuk azaldu zizkiguten, oso interesgarriak izan zirenak. Gure arteko harremanak estutzeko eta ikasteko asteburu-ikastaro hau bikaina da!

Gainera, asteburu polita pasa genuen elkarrekin eta euria egin zuen arren, turismoa egiteko eta txokolate batzuk erosteko denbora ere izan genuen! Hurrengo urtean berriro elkartuko gara Bartzelonan. Eta bitartean, lanean jarraituko dugu gure Euskal Etxeetan euskara bizirik mantentzeko!