Euskaraldia: eskua hedatu dezagun euskarari!

Udan jaso nuen lehen aldiz Euskaraldiaren berri. Ez dut gogoratzen oso ondo noiz izan zen baina ziur nintzen Lizarran egongo nintzela, nire familia eta lagunekin, eta han biziko nuela Euskaraldiaren lehen esperientzia hau. Ezin nuen imajinatu, ordea, oso Euskaraldi berezia biziko nuela, Euskal Herritik urrun, baina oso gertu aldi berean.

Euskaraldiak oso helburu zehatza zuen: hamaika egunez euskaraz hitz egitea, edonorekin, edonon eta edozein momentutan, edo besteei gurekin euskaraz hitz egiteko aukera ematea. Europako Euskal Etxeen hamaikakoan sartuta geunden gu, beste tokitako Euskal Etxeekin batera: Madril, Bartzelona, Londres, Brusela, Erroma… Bordaleko kaleetan euskaraz mintzatzea nahiko zaila denez, Euskal Etxeko ikasleei Euskaraldia ospatzeko gonbidapena luzatu genien. Klasean Euskaraldiari buruz hitz egin genuen, bideoak eta kanta ikusi genituen, eta bakoitzak bere rola aukeratu zuen: Ahobizi edo Belarriprest. Azaroaren 29an, Euskal Etxean elkartu ginen. Bakoitzak jateko edo edateko zerbait ekarri zuen, Euskaraldiaren hiru poltsa zozketatu genituen eta oso gaualdi atsegina pasa genuen elkarrekin. Euskal Etxeko ikasleez gain, Euskal Herrikoak diren eta Bordalen bizi diren hainbat gazte ere gerturatu ziren Euskal Etxera. Beste taldeetako ikasleak eta jende berria ezagutzeko aukera zoragarria izan zen. Eta, noski, euskaraz mintzatzeko aukera paregabea ere! Asko poztu ninduen ikasleak euskaraz hitz egiten saiatzen ikusteak. Hiztegitxo txikiak banatu genizkien eta horiei esker eta klaseko lanari esker, orain arte ikasi dutena praktikan jarri zuten, eta Gau Eskolak bere fruituak ematen dituela egiaztatu nuen! Milesker etorri zineten guztioi!

Euskaraldiak gure hizkuntza-ohiturak aldatzea zuen helburu, eta aldaketa hori nire bizitza pertsonalean aplikatzen saiatu nintzen: senideekin eta lagunekin. Nahiz eta etxetik urrun egon, etengabe kontaktuan nago nire inguruko pertsonekin, eta, orduan, nire Euskaraldi pertsonala horrela bizi izan nuen.

Benetako Euskaraldia, ordea, Euskaraldia bukatu eta gero hasi da. Hori da euskaldunok daukagun erronkarik handiena, gauden tokian gaudela, euskarari eskua ematea eta Ahobizi edo Belarriprest izatea!