Tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika!

Maria Jordana Ochoa, professeure de basque à Gau Eskola / Gau Eskola sailaren irakaslea

Traduction/Itzulpena: Marie-Noelle Kulessa, élève de Gau Eskola / Gau Eskola sailaren ikaslea

 

Bukatu da dagoeneko euskararen alde antolatzen den ekitaldirik nagusi eta garrantzitsuena. Hamaika egun eta hamar gauez Euskal Herri osoa zeharkatu du Korrikak, Garestik Gasteizera gelditu gabe. Txoko guztietatik milaka eta milaka lagun herriko kale eta plazatara atera dira Korrikarekin bat egitera. Korrikaren oihartzuna ordea, mundu osoan sentitu egin da eta Bordaleko Euskal Etxeak ere parte hartu egin du 21. Korrika honetan.

 

Apirilaren 7an, igandean, goizean goiz Bordaletik abiatu ginen Iparraldera. Euskal Etxeak 694. kilometroa erosi zuen Garruze eta Mehaine artean, Baxe Nafarroan. Eguraldiaren iragarpena oso ona ez izan arren, zorte handia izan genuen eta gure kilometrora iritsi ginenean, goizeko 11:00ak baino pixka bat lehenago, atertu zuen. Hamabost bat lagun elkartu ginen gure kilometroan: Euskal Etxeko ikasle, irakasle eta kideak, hegoaldeko lagun batzuk… 11:28an iritsi zen Korrika eta beste korrikalariekin bat egin genuen! Lekukoa hartu eta “Tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika!”, “Bordalen ere euskararen alde!”, “Klika, klika, Korrika” oihukatu genuen korrika egiten genuen bitartean. Lekukoa eramatea izugarrizko ohorea izan zen, inoiz ahaztuko ez dudan momentua. Eguerdian, korrika egin ondoren, Donapaleura joan ginen. Han arratsalde zoragarria pasa genuen. Jende asko zegoen eta giroa aparta zen. Musikariak, dantzariak eta bertsolariak ikusi genituen, talo goxoak jan genituen eta sagardoa edan, noski! Nekatuta baina pozik, Bordalera itzuli ginen. Baina, hori ez da guztia! Esan bezala, Korrika munduko txoko guztietara iristen da, eta beste Euskal Etxe askok egin duten moduan, Bordalen ere Korrika ospatu genuen.

 

Apirilaren 11an, ostegunean, Korrikaren festa antolatu genuen ikasleekin. Hamabost bat pertsona elkartu ginen eta lehendabizi Korrikaren bideo laburpen bat ikusi genuen. Gero, bertso-tailerra izan genuen. Ainara Ieregi Iruñerriko bertsolaria izan genuen gurekin eta honek bertsolaritzaren nondik-norakoak zeintzuk diren azaldu zigun eta bertsolariek bertso bat egiteko erabiltzen dituzten neurriei, doinuei eta errimei buruz mintzatu zitzaigun. Bertsolarien bideoak ere erakutsi zizkigun. Gero, Korrika hitzaren errimak bilatu genituen guztion artean eta bi taldetan jarrita bi bertso sortu genituen elkarrekin. Azkenik, bertsoak kantatu genituen. Oso tailer interesgarria eta dinamikoa izan zen eta bertsolaritzaren inguruan ikasteko aukera paregabea ere! Ondoren, place du Palais-en argazkia atera genuen eta Euskal Etxeraino Korrika txiki bat egin genuen. Lekukoa ireki genuen eta Ainarak berak idatzitako mezua/bertsoa kantatu zigun, benetan polita zena! Bukatzeko, aperitifa izan genuen: bakoitzak jateko edo edateko zerbait ekarri zuen eta guztion artean partekatu genuen. Lagunarteko momentu alaia izan zen, elkarrekin egoteko eta hitz egiteko aukera bikaina! Korrikako lau kamiseta ere zozketatu genituen etorri zirenen artean.

 

Mila esker bihotz-bihotzez ostegunean, igandean edo bi egunetan etorri zineten guztioi!!!  Hurrengo Korrikara arte!

 

(AINARAREN BERTSOA)

 

Korrika iritsi ohi da

txoko bitxienetara

Eta Bordalen, nola ez,

ere jaso du bultzada

Hiri hau ez baita soilik

maskaroi eta fatxada

Bere bihotz bihotzean

bizirik dago euskara

Galiarrez inguratuta

tinko dagoen armada

Euskal Etxea bihotza

eta hizkuntza taupada

Gogor lanean diraute

eta zoragarria da

baldintza zailetan ere

menderaezinak gara!