Gerla Handiaren zauriak Euskal Herrian

Eneko Bidegain idazle eta unibertsitateko irakaslea Lehen Mundu Gerlaz mintzatuko da Bordaleko Euskal Etxean, heldu den azaroaren 30ean, 19:00etan. Aldi honetan gehiago barnatuko da gerlak utzi dituen ondorioetan eta memoria historikoan.

Bereziki landuko du euskarazko prentsan zer aipatzen zen, izan Ipar Euskal Herriko Eskualduna aldizkarian edo Hego Euskal Herriko Euzkadi egunkarian. Narrazio hartan ageri da Eskualduna-ko kazetariek gerla, Frantzia eta soldaduak goraipatzen zituztela. Euzkadi-koek, aldiz, kezkaz bizi zuten Europako egoera, eta bereziki, euskaldun “anaien” patua.

Bestetik, gerlaren ondotik eraiki ziren oroitarriak ere solasgai izanen dira. . Memoria historiko horren bitartez, nazio kontzientzia baten errotzea nola egin den esplikatuko du Bidegainek. Memoria historiko horretatik baztertuak edo ahantziak izan direnei ere aipamena eginen die, hala nola intsumituei eta desertoreei: zer iritzi zen haiei buruz? eta nola bizi da gaur egun gai hori?