2017ko Korrika, Euskal Herrian, …. bainan Bordelen ere bai !

 

Aurten ere Bordaleko Euskal Etxea euskararen aldeko korrika ospetsuari lotu zaio. Ibilaldia etengabe iragan da martxoaren 30etik apirilaren 9ra arte Euskal Herriko zazpi probintzietako bideetan. Horretarako, zenbait gertakari antolatu ditugu.

Martxoaren 26an, Lacanau herrian

BEEko Ibilki sailak Korrikari eskaini dio bere Lacanauko ibilaldia. Parte-hartzaileek bizkarrekoa erosi ahal ukan dute euskarari haien sustengoa erakusteko …. beroketa on bat korrika hasi aintzin !

Apirilaren 2an, igandean, Ortzaizen

Bordeleko Euskal Etxeak Korrikaren 670 kilometroa atxiki zuen, Ortzaizeko herriaren sartzean, Donibane Garazi eta Bidarrai-ren artean. Hortakotz Egia eta Gau Eskolako talde bihoztun txiki bat elkartu zen 12.15etan Korrikan parte hartzeko. Haize eta Cyril-ek fierki eraman zuten lekukoa kilometro osoan, 100 bat korrikalarien aitzinean. Denek gora eta azkar kantutatu zituzten errepika famatuak « Hemen gaude euskalaren alde » eta « Ttipi-ttapa ttipi-ttapa Korrika », haien euskararen aldeko atxikimendua erakusteko.

Apirilaren 6an, Bordaleko Euskal Etxean.

Hogeita hamar bat pertsona bildu ziren arratsalde bukaeran, Bordeleko Korrikan parte hartzeko. Gertakari sinboliko horrekin korrikalariak Euskal Etxetik Garonaren kaietara joan dira. Euskara kalera atera da « Bordelen ere, euskaraz ! » lelopean, hiritar askoren jakinmina sortuz.

Egiazko Korrikan bezala, lekukoak mezu bat gorde zuen bere barnean. Egia sailaren Paul Moal Darrigadek idatzia zuen mezu-bertso hori eta gurekin partekatu zuen kantuz, Korrikaren amaieran, Euskal Etxean. Publiko zabal baten aurrean, zirara eta poza piztu zuen bertsolari gazteak (ondoko loturan klik eginez momentu horren bideoa ikus daiteke www.youtube.com).

Gaueko 20:30etatik goiti, Kalakan taldeak giroa berotu du bere albumetatik ateratako hainbat kantu eskainiz. Publikoa « sagarra jo! » kantuaren interpretazioaren zain zegoen, noski, kantua ospetsu bihurtu baitzen, taldeak 2012an Madonnarekin bira egin zuenetik.

Hala ere, titulu horrez aparte, a cappella edo Euskal Herriko musika tresna tradizionalak lagun, kantuek publikoa liluratu zuten. Kontzertuaren sarrerak agortuak ziren, kasik aste bat lehenago ; ekitaldi horrek kurios berriak erakarri baditu ere, Euskal Etxeko sail guztien kideak bildu ditu, gaualdi eder baten inguruan.

Korrika 21 bi urte barru izanen da, eta Bordalen euskara ospatzeko aukera berriak izanen dira, dudarik gabe !