Aurten ere antolatu zen “Euskara munduari bira” izeneko ekitaldia Bilboko Arriaga Antzokian.

Urtero bezala, literatur obra oso bat irakurri dute, pasartez pasarte, euskaltzale askok. Zortzigarren edizio honetan Joseba Sarrionandiaren Narrazio Guztiak izeneko liburua hautatua izan da.

Mundu osotik parte hartu dute irakurleek, batzuk ospetsuak, beste batzuk ez hainbeste. Euskal Etxekoek bideoz grabatua zuten irakurraldia eta besteek zuzenean irakurri dute.

Hori dela eta, 12 ordu iraun zuen emanaldiak Bilbon. Antolatzaileek euskal literatura zabaltzea eta hobeto ezagutzea dituzte helburu, baita irakurketa sustatzea ere.

Joseba Sarrionandia

Duela 25 urte Joseba Sarrionandiak « Narrazio guztiak » liburua idazten bukatu zuen. Istorio labur bilduma horretan, estiloa klasikoa bezain gaurkoa da, beraz gazteei eta antzinakoei gustatuko litzaieke. Argitaletxeak atera duen azken edizioan, idazleak testua berridatzi eta zuzendu du, ipuin berriak ere gehitu ditu.

Sarrionandiaren bizitza oso berezia da : lehenik, euskal filologia ikasi zuen Deustoko unibersitatean, eta gero lagun batzuekin, besteak beste Bernardo Atxagarekin, idazle talde bat osatu zuten. Itzulpen asko egin zituen, batez ere ingelesetik. 1980an, ETA taldean egoteagatik atxilotu zuten eta Martuteneko espetxera eraman. Bost urte beranduago, Imanol kantariaren kontzertu batez profitatuz ihes egin zuen bozgorailu batean ezkututa. Hortik landa klandestinitatean bizi da eta batzuetan obra berriak sortzen eta argitaratzen ditu.

Gau Eskolako parte hartzea

Hitzaurrean esan bezala, Bordeleko Gau Eskolak parte hartu du aurtengo “narrazio guztiak” liburuaren irakurketa jarraituan. Guri zegokigun pasartearen grabaketa “Place du Palais”-n egin genuen goi mailako ikasleok. Bestalde, Joseba Sarrionandiaren “orduan ere ez nuen euskarririk” izeneko istorio laburra klasean landu genuen. Testu horretan, deserritu bat bi poliziaren eskuetatik ihes egiten saiatzen dela ulertzen dugu. Ez da dudarik idazleak bere bizitzaren gorabeherak gaitzat hartu dituela horrelako istorioa sortzeko.